Edukira salto egin Nabigaziora salto egin
euskara

Arkaitz Añorgako Dantzariak

Taldea

Historia

Taldearen hastapenak

Garaiko kroniken arabera, festetan antolatzen zen aurreskurako dantzariak kanpotik ekartzeko beharrak piztu zuen auzoan bertako dantza-talde bat osatzeko nahia. Manuel Arizmendi izan zen, Jorge Ganuza eta Joxe Zabalarekin batera, jarduera honen bultzatzaile nagusia. Horrelaxe sortu zen garai hartako Añorgako kirol elkartearen barruan hamar urte inguruko mutilez osaturiko lehen dantza-taldea.

Lorenzo Pujana izan zen lehen talde horren dantza-maisua eta auzoko dantza-emanaldiez gain, inguruko beste hainbat herritan dantzatzeari ekin zioten. Pixkanaka,taldea handituz eta indartuz joan zen, eta 1933. urterako berrogeita hamar kide inguru zituen.

Garai hartako emanaldi nagusiak Donostian, Donibane Lohizunen, Hendaian eta inguruko herrietan egin zituzten. Aipagarria da 1929ko irailaren 1ean Eusko Ikaskuntzak Iztuetari bere herrian egindako omenaldian parte hartu izana. 1934. urtean, Victoria Eugenia antzokian, Olaizolari egindako omenaldian ere dantzatu zuen taldeak, eta, urte hartan bertan, Iruñean ere izan ziren emanaldi bat eskaintzen.

Ondoren, gerra-garaia iritsi zen, auzoarentzat zein dantza-taldearentzat garai luze eta gogorra izan zen.

Gerraosteko urteak

Gerrak auzoan eta bertakoengan utzitako gustu garratza gozatu eta normaltasunera itzultzeko nahiak berpiztu zuen pixkanaka dantza-taldea. Ez zetozen garai errazak; gerra aurreko garaian taldea osatzen zuten hogei urteko gazte haietako batzuk hilik edo preso zeuden, beste batzuk soldadutza-garaia amaitzear zuten, eta bazen berriz ere alpargatak janzteko gogorik gabe geratu zenik ere.

Gerra-garaia amaiturik, 1940. urtean Joxe Basurtok auzoko zenbait gazte elkartu zituen, eta dantza-taldeari segida ematen saiatu zen. Baita lortu ere; berriz ere mutilez soilik osaturiko dantza-taldea segituan egon zen prest emanaldi berriei ekiteko.

1942. urtean sortu zen, Lorenzo Pujanaren zuzendaritzapean,neska-mutilez osaturiko lehen taldea. Badirudi, dantza-taldeak Usurbilen, Sorabillan eta Irunen izandako emanaldietan taldeko neskek ez zutela parte hartu, garai hartan batez ere Gipuzkoako zein Bizkaiko dantzak dantzatzen baitzituzten.

Denborak gerraren ondorioak ezabatu ahala, gerraurreko zein gerraosteko dantzariak bat egiten hasi ziren, eta horren lekuko dira garai honetako argazki guztiak. Hainbat belaunaldiz osaturiko dantza-talde honek 1946ean izan zuen amaiera, Lorenzo Pujanari eginiko omenaldiaren ostean.

Hamarkada oparoa

Gerraosteko dantza-taldeko dantzariek dantza-taldea utzi aurretik, dantza-talde berri bat osatzeko deialdia egin zuten, eta berriz ere Lorenzo Pujanak hartu zuen talde berri horren zuzendaritza.

1942. urtean egin zuen talde berriak bere lehen agerraldia, auzoko Parrokiaren fundazioan. Handik urte gutxira, dantzari txikien taldea sortu zen, auzoko hogeita hamar haur eta gazterekin. Pujanak Paco Irizarren laguntza izan zuen talde horiei guztiei erakusteko.

1946an dantza-taldea hiru taldek osatzen zuten (mutilen bi talde eta nesken talde bat). Mutilen taldeek bananduta dantzatzen zuten, eta neska-mutilen dantzaren batdantzatu behar zenean, neskek mutil zaharrenekin dantzatu ohi zuten. Horrela joan ziren lehendabizikoz neska-mutilak Gijonera.

Azken urteetan, Kandido Pujanak hartu zuen taldearen zuzendaritza, baina urte gutxira, Joxe Basurtoren eskuetan utzi zuen taldea. Basurtok Simon Setienen laguntza izan zuen dantza-taldea aurrera ateratzeko; batez ere Bizkaiko dantzen dantza-maisu aritu zen azken hori.

Auzoan bertan izandako ekitaldi guztietan parte hartzeaz gain, taldeak Lezon, Tolosan, Seguran, Castillo Elejabeitian, Bergaran eta Donostian izan zituzten emanaldiak, baina, dudarik gabe, Euskal Herritik kanpo, Gijoneko agerraldia izan zen garai hartako emanaldi garrantzitsuena.

Guillermo Altunaren taldea

1953. urtean, taldea hilzorian zegoela ikusirik, Guillermo Altunak,Evaristo Ayestaran, Kandido Pujana eta beste batzuen laguntzaz, zortzi-hamar urte arteko auzoko haurrak bildu eta Karmenetarako entseatzen hasi ziren. Horrela eman zion hasiera hamar urtez Altunaren zuzendaritzapean eta beste hiru urtez Juan Mari Oronozen eskuetan izango zen dantza-taldeak.

Garai honetan zehar ikasitako dantzak asko izan ziren; besteak beste, mutilek Gipuzkoako dantzak (Makil txiki, Makil handi, Ezpata-dantza, Erreberentzia, Brokel-dantza...) eta Bizkaiko dantzak (Makil txiki, Zortzikoa, Binakoa, Banakoa, Txontxongiloa...) dantzatzen zituzten. Neskek, berriz, Erreberentzia, Makil txiki eta, geroago, Makil handi, Boastitzea, Zinta-dantza eta Matelota dantzatzen zituzten.

Asko izan ziren garai hartako emanaldiak: uztailaren 16ko Karmenetako emanaldiak (Aurreskua, Ezpata-dantza, eguerdiko emanaldia, Corpus Cristiko prozesioa...), Arrigorriagako ekitaldia... Azken urteetan, Oronozek auzoko zenbait gazte dantza-lehiaketetan parte hartzeko prestatu zituen, eta zenbait sari ere irabazi zituzten.

Oronoz maisuaren taldea

Altunaren erreleboa, Juan Mari Oronozek hartu zuen, eta, 1964. urtean, auzoko zazpi eta bederatzi urte arteko neska-mutilekin osatu zuen bere lehen taldea. Talde berri horrek, Añorgan eta inguruko zenbait herritan (hala nola, Zubietan, Antiguan, Errenterian, Donostian...) egin zituen agerraldiak.

Garai hartako nesken taldea mutilena baina aberatsagoa zen; horregatik, neskak bi taldetan aritzen ziren: Mateloten taldea eta Hilanderena.

Talde berri honek bost urtez iraun zuen Oronozen eskuetan, eta azken urtean, berriz, Jose Luis Salsamendi eta Xabier Egañaren agindupean egin zuten aurrera. 1968. urtearen amaieran Jose Manuel Mendiola eta Begoña Huegun batu ziren zuzendaritza-taldera.

Argiako añorgatarren aldia

70. hamarkadaren erdialdera sortutako taldea bost urteren ostean zuzendaritzarik gabe geratu zen, eta Añorgako elkarteko zuzendaritzak Jose Manuel Mendiolaeta Begoña Huegun añorgatarrengana jo zuen.

Bi añorgatar horiek Donostiako Argia dantza-taldean ibiltzen ziren. Horrela, auzoko dantza-talderi arnas berria ekarri zioten, bai dantzei dagokienez, bai jantziei dagokienez. Pixkanaka, Gipuzkoako zein Bizkaiko dantzekin batera, Eaurtako neska-dantza, Leitzako ingurutxoa, Iturengo soka-dantza... eta beste hainbat dantza eskaintzen hasi ziren.

Añorgako ohiko emanaldiez gain, taldeak inguruko hainbat herritan ere eskaini zituen agerraldiak, batez ere Gipuzkoa zein Bizkaiko herrietako Dantzari txiki egunetan.

Handik lau urtera Begoñak taldea utzi zuen, eta, Mendiolak soldadutza amaitu ostean (bitartean Iñaxio Eizagirrek ordezkatu zuen), taldea handitu eta indartzeko deialdia egin zuten. Deialdi horren ondotik, talde berria Ketxu Marañon eta Gemma Loidiren agindupean geratu zen 1976. urtera arte. Urte horretan ospatu zen taldearen 50. urteurrena.

Urteurrenarekin batera, Jose Manuel Mendiola eta beste zenbait dantzari ohi, taldera bueltatu ziren, ospakizun hori antolatzen laguntzeko. Ospakizunaren ostean, taldea zuzendaritzarik gabe geratu zen, eta taldeko partaide ziren zenbait gaztek hartu zuten ardura. Bi urte geroago, taldea deuseztatu eta auzoko haurrekin hutsetik hastea erabaki zuten. Horrela eman zitzaion hasiera Dantza-eskolaren garaiari, eta ordura arte Añorgako dantzariak izena izan zuen taldeari Arkaitz izena eman zitzaion.

Dantza-eskola

Azken urteetan dantza-taldearen itzalpean sortu zen jarduerarik garrantzitsuenetako bat izan zen dantza-eskola. Auzoko zazpi urtetik gorako neska-mutilei dantzan ikasteko aukera zabaldu baitzien.

Taldea une gogorrak bizitzan ari zen, eta aurreko taldetik zetozen Sara Azkarate, Garbiñe Berasategi eta Miren Azkarate izan ziren talde aurrera ateratzeko indarrak batu zituztenak. Bi urtez, hiru gazte hauek bakarka aritu ostean, berriz ere Jose Manuel Mendiola erakarri zuten taldera, eta, 1983. urtean Ketxu Marañon ere itzuli ostean, taldeak dantzari ugari eta bost dantza-irakasle zituen.

Garai honetan zehar, taldeak Dantzari txiki egun askotan parte hartu zuen, eta herrien arteko dantzari txikien trukaketa horretatik sortu zen, Oinatz izenarekin, inguruko dantza-taldeen artean harreman formalak aurrera eramateko taldea.

1986an, 120 dantzari, 10 dantza-irakasle eta 10 musikari zituen taldeak, eta, baliabide horiekin guztiekin, lau orduko emanaldia osatzeko aukera zuen.

Urte hauetan guztietan zehar, Argia dantza-taldearekin izandako harremanak ez zuen etenik izan, Mendiolaketa Marañonek Argia dantza-taldeko kide izaten segitzen baitzuten. Ondorioz, taldeko haur eta gazteek Argiako zuzendari den Juan Antonio Urbeltzek sorturiko ikuskizunetan parte hartzen zuten, hala nola: 1986ko Irradaka, 1988ko Zortziko eta 1992ko Alakiketan, 1997ko Kondharian eta 2002ko Pas de Basque. Gaur egun ere, Añorgako gazteek badute Argiarekin lotura, eta aurten, 2008an, Urbeltzek estreinatutako Axeri boda ikuskizunean parte hartzen dute.

Taldeak Frantziara egin zuen atzerrirako bere lehen bidaia, Bray-Dunnes herrian antolaturiko nazioarteko jaialdian parte hartzeko. Bi urte lehenago taldeko zenbait kidek izan zuten atzerrira joateko aukerarik, Argiako dantzariak Zortziko ikuskizunarekin Confolens-en (Frantzia) egon zirenean. Arkaitz dantza-taldeko kideak beste hainbat aldiz ere izan dira atzerrian: Grezian, bitan AEBko Boise hirian.

Bidaia horien artean, nabarmentzekoa da Estatu Batuetako Idaho estatuko Boise hirian bost urtez behin egiten duten Jaialdi festan bi aldiz izan direla Añorgako gazteak. Egonaldi horien ondorioz, harreman estua dute auzoko gazteek AEBko hiri hartako euskaldunekin.

XXI. Mendean

Azken urte hauetan, taldeak bere jatorriari eutsiz segitu du lanean, eta betiko dantzak aurreko belaunaldiek erakutsi bezala dantzatzen ditu ikuskizunetan. 3 zuzendari izan dira azken urte hauetan: mendearen amaieran eta hasieran, Lierni Otamendi zen taldeko burua eta, haren atzetik, Ketxu Marañonek hartu zuen gidaritza (lehenengoa bi urtez aritu zen eta bigarrena lau urtez). Gaur egun, Oier Mendiola da zuzendaria (4 urte daramatza lan horretan).

Dena den, azken urte hauetan, taldeko zuzendaria ez da zuzenean dantzariak prestatzeaz arduratu, kudeaketa-lanetan aritu da gehienbat. Dantza maisu lanean Jokin Otamendi aritu da azken hamar urteetan, eta nagusiki hark prestatu du taldea emanaldietarako.

Taldeak gorabehera batzuk izan ditu dantzari-kopuruari dagokionez, eta, bolada honetan, taldeak berriro ere kanpora ateratzearen eta bidaiatzeak egitearen aldeko apustua egin du. Horrela, 2007an Kataluniako Cantonigroseko Nazioarteko Jaialdira joan eta 1. postua lortu zuen, munduko txoko askotatik etorritako taldeekin lehiatu ostean.

Gaur egun, aspaldiko proiektuekin segitzen dugu eta proiektu berrietan murgildu gara: web gunea, umeentzako dantza-eskola, helduentzako dantza-ikastaroak... Arkaitz Añorgako Dantzariak taldeak, arbasoek egin zuten moduan, añorgatarrentzat lanean segitzen du.